25 ago 2015

Euskaraz: Suzuko Vianan


JABIER MUGURUZA - Viernes, 7 de Agosto de 2015 

Duela 23 urte, 1992an izan zen. Bernardo Atxagak eta biok, Vianan ospatuko zen Nafarroa Oinezeko kantua sortzeko enkargua jaso genuen, eta horretara jarri ginen, ilusio handiz.
Halaxe sortu zen Arraroa, noski, kantu bat bereziki bi helburu bila-tzen zituena: modu ludikoan ikustaraztea euskara ere Nafarroako hizkuntza zela, eta, bide batez, beste Nafarroa hori (hegoaldekoa, horia, euskal postalaren topikotik urrun zegoena...) erreibindikatzea.
Kanturako, besteak beste, atzerritarrak behar genituen, euskara ezagutzen zuten atzerritarrak. Eta bila hasi ginen. Horrelaxe azaldu zen Suzuko Tamura gure bizitzetan.
Grabaketa-estudioan izan zen lehen enkontrua, eta han, jada, harrituta utzi gintuen: teknikariari kantua jartzeko eskatu, eta papera eta lapitza zorrotik aterata, hantxe jarri zen partitura idazten, aise antzean. Sei hizkuntza jakiteaz gain, beraz, musika idazten ere bazekien.
Tira, bere idazte-lanak amaitu zituenean, une oro jarrera langile eta irribarretsuaz, abesteko prest zegoela jakinarazi zigun. Kabinan sartu, eta konturatu ginenerako, bere zatia grabatuta zegoen, primeran afinatuta, eta japoniarren abesteko era guretzat hain bitxi hartan.
Bigarren enkontrua Vianan bertan izan zen, gerora hain ezagun bihurtuko zen bideo-klipa grabatzera https://www.youtube.com/watch?v=NDihO1_D-Ys ekipo guztia hara joanda. Protagonismo berezia zeukan Suzukok bideoan, bera baitzen hasiera-hasieran auto-stop egiten zela, kamioilariak jasotzen zuena. Primeran bete zuen han ere bere lana, audioaren grabaketan bezain umoretsu eta saiatua: abestuz, dantza eginez...
Berriz insistitzen dut puntu honetan ze hainbeste hizkuntza jakitea, hain pertsona jantzia izatea, bere kasuan ez zegoen inondik inora kontrajarrita jarrera alai, apal eta gertukoarekin. Utikan haren kasuan solemnitate eta zurruntasun guztiak!
Pasadizo ttiki bat amaitzeko, buruan iltzatuta geratu zitzaidana: joan ginen halako batean (grabaketaren eguerdiko atsedena zen), herriko taberna batera bazkaltzera. Mutil jator bat jarri zen gu atenditzen, eta arazo bat sortu zen kartak banatzen hasi bezain pronto: Suzuko ez zen ondo moldatzen gaztelaniaz, eta mutila euskeraz ere ez. Ondorioz, tokatu zitzaidan bazkari osoan interprete-xelebrearen lanak egitea. Bukatutakoan, atetik ateratzen ari ginela, zerbi-tzaria nigana hurbildu eta besotik helduz halaxe mintzatu zitzaidan: “Jabier, no había pasado tanta vergüenza en toda mi vida”. Eta, zinez, hala ematen zuen, mutila lotsa-lotsa eginda zegoela.